Mundo osoan gerratik, pobreziatik, ingurugiroari egiten zaizkion kalteetatik eta itxaropenik gabeko egoeretatik ihesi dabiltzan pertsonak inoiz baino gehiago dira gaur egun. Bidegabekeria hauei erantzuteko moduak aztertuko dituzte Jesusen Lagundiaren topaketa honetan.

2015eko azaroak 10.- Justizia Sozialerako eta Ekologiarako Jesusen Lagundiaren Erromako Idazkaritzak "Networking for Justice" topaketa antolatu du Loiolan azaroaren 16tik 20ra. Helburua Jesusen Lagundiak gizarte arloan mundu mailan egiten duen sareko lana sustatzea da. Sareko lan hau azken hamarkadan zabaldu da munduko bidegabekeria sozial eta ingurugirokoei modu eraginkorrean aurre egiteko.

Topaketa hau Jesusen Lagundiaren 36. Kongregazio Nagusia ospatzeko urtebete falta denean eta munduko errealitate gordinenek marka guztiak hautsi dituztenean antolatu da: 60 miloi errefuxiatu daude gerratik ihesi eta 170 milioi pertsona dira pobreziatik, goseteetatik, hezkuntza eskubideen gabeziatik edo ingurugiroari egiten zaizkion kalteengandik ihes egin dutenak.

2008 urtean, Jesusen Lagundiaren 35. Kongregazio Nagusiak "loturak sortzea" eskatu zuen "intzidentzia publikoaren eremuan botere politikoaren eta beren ahotsak entzunarazteko zailtasunak dituztenen artean, zubi-lana eginez eta elkar-ulertzea bultzatuz". Orduz geroztik Intzidentziarako Sare Ignaziar Globalak eratu dira (GIAN, ingelesezko inizialak) hainbat gai jorratzeko: migrazioak, hezkuntza eskubideak, ekologia, baliabide naturalen gobernantza. Sare horiek Loiolako topaketa honetara deituak izan dira.

Sare horiekin batera kontinente guztietako Konferentzien Gizarte Arloko Koordinatzaileak etorriko dira, eta baita Xabier Sarea eta mundu mailako Jesusen Lagundiko Gizarte Apostolutzako beste Sareak ere.

Topaketaren helburu nagusia justizia sozialaren alde Jesusen Lagundiak egiten duen sareko lana sustatzea da. Justizia Sozialerako eta Ekologiarako Jesusen Lagundiko Idazkari Patxi Alvarez de los Mozosen hitzetan: "Pobreek duintasunez bizi ahal izango duten mundu bidezkoago eta jasangarriago baten alde aliantzak sortu nahi ditugu".

webgunea

dokumentua

argazkiak

 

Participante de los Fondos Next Generation