Loiolako Santutegian abuztuaren 1ean egin diren ospakizunekin hasi da Inaziotar Bidearen Jubileu Urtea.
Donostiako gotzain Jose Ignazio Munillak santutegi aurrean Inaziotar Bidearen hasiera puntua adierazten duen plaka bedeinkatu du Bilboko gotzainaren, Iruñeako gotzainaren eta Jesusen Lagundiko Espainiako Probintzialaren laguntzarekin. Ekitaldian parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako, Eusko Legebiltzarreko, Foru Aldundiko eta Azpeitiko Udaletxeko agintari ugarik.
Bedeinkapena egin aurretik, Deustuko Unibertsitateko dekano A. Jose Carlos Coupeauk jubileu urte kristauaren zentzua azaldu du. Berak esan duenez, urte hau "Elizako ateak irekitzeko, barru barrutik ebanjelioarekin pozteko eta Jesus Jaunaren bila bidera ateratzeko" urtea izango da.
Homilian Jose Ignazio Munillak esan du San Ignaziok Loiolatik Manresara egindako ibilbideak "egungo gizon-emakumeontzat esanguratsua eta argitsua den San Ignazioren bizitzako pasarte bat oroitzen digula", izan ere "erromesaldia geure izatea ulertzeko giltza" modura har dezakegu. Bestalde Inaziotar Bidea egiten duten erromesei amaieran Gogojardunak egiteko gonbitea luzatu die: "San Ignazioren urratsak jarraitzeko erarik bikainena izango litzateke". Azken finean, "erromesaldi guztien erromesaldi den hori burutzen laguntzea da kontua: lurreko bizitzan, geure bizitzan gertatzen den erromesaldia; bataioan hasi eta bakean beza atseden esatean burutzen dena".
Ospakizunean, Espainiako Probintzialak, A. Francisco Jose Ruiz Perezek, Jubileu Urtearen hasiera honetarako jesuiten Aita Jeneralak, Adolfo Nicolasek, bidalitako eskutitza irakurri du. Eskutitzak dio erromesaldiak pertsona markatu egiten duela, eta esperientzia horretan erromesak bere bizitzan eta inguruko errealitatean funtsezkoa zer den ikasten duela. Aita Jeneralak Inaziotar Bidea bizi proiektuak eraldatu eta pertsonen artean, gizarte mailan eta ingurugiroarekin ditugun harremanetan berradiskidetzea zabaltzeko aukera izan dadila eskatu du.
Inaziotar Bidearen Jubileu Urte hau bezperan hasi zuten Manresan (Katalunian), San Ignazio egunean. Bertan, Montserrateko abate A. Josep M. Solerrek Jubileu Atea ireki zuen, 1625etik XX. mende hasiera arte Ignaziok otoitz egiteko erabili zuen haitzuloaren sarreran kokaturik egon zen ate zaharra.