Apirilaren 22tik 23ra, Loiolako Espiritualtasun Zentroan, gure Lurralde Plataformako Apostolikoaren (LPA) topaketa ospatu zen. Urteroko topaketa hau, Loiolako Probintziako Subjektu Apostolikoaren Topaketen oinordekoa da. Aurtengo topaketa “Harrera eta fedea helaraztea: begi irekien espiritualitatea ereinaz” izenburupean egin zen, eta Euskadi eta Nafarroako Jesusen Lagundiko erakundeetatik etorritako 120 pertsonek parte hartu zuten.
Lurralde Plataformako delegatu Jaime Oraak orain dela aste gutxi leku berdinean eginiko Espainiako Probintziako Lehenengo Topaketa ekarri zuen gogora eta, haren jarraipen modura, Lurralde Plataformako Topaketaren garrantzia azpimarratu zuen, orain eta hemen gure misioaren elementu garrantzitsuei buruz elkarrekin gogoeta egin nahi duen gorputz apostolikoa indartzeko. Oraak aurten Loiolako LPAren planifikazioan egindako aurrerapausoak azaldu zituen. Zenbait proiektu, Formakuntza Plana esaterako, Probintziak hartu ditu bere gain. Beste batzuk aldiz —Berradiskidetzea, Inkulturazioa edo Harrera, esaterako— LPAk lantzen ditu batzorde berezien bitartez.
Aurtengo topaketaren helburua “Harreraren eta inklusioaren profeziek gure elkarteko bizitzan eta misioan duten ondorioa garatzea” zen. Vicente Marcuellok azaldu zuenez, Tokiko Plataforma Apostolikoen (TPA) Kontseiluen iritziz beharrezkoa zen mugetara joatearen eta fedearen transmisioaren deiak uztartzea, bi dei horiek “beti egon daitezen presente” eta "ez daitezen bi bultzada desberdin bezala ikusi". Bi modu desberdinetan garatzen den indar bakarra dago horien atzean. Harrera eta abegi onak ez diote printzipio etiko bati erantzun behar, espiritualtasun bati baizik, “begi irekien” espiritualtasun modura definitu daitekeen espiritualtasun ignaziarrari hain zuzen.
Ikuspegi horretatik, ostiral arratsaldean errealitatearen kontenplazio ariketa bat egin genuen, Vicente Marcuello eta Marta Garciak lagunduta. Ondoren, Jose Javier Pardok hitzaldi bat eskaini zigun, gaur-gaurkoak iruditzen zaizkigun migratzaileen sufrimenduak, ahulenen esplotazioak, desberdinari diogun beldurra edo onartuak izateko guztiok sentitzen dugun beharra Itun Zaharraren argitan jarriz. Jainkoak, kontakizun horretan, gu geu ere aspaldi etorkin izan ginela gogorarazten digu, eta berak eskatzen duen gurtza, errukia eta justizia direla, ez besterik.
Larunbata gure errealitatea begiratu eta harreraren praktikan aurrerapausoak nola eman aztertzeko eguna izan zen. Asier Aripidek eta Mary Tere Guzmanek Harrera Batzordearen lana azaldu zuten. Batzorde honek TPA bakoitzeko bi arduradun dauzka eta erreferentziazko pertsonak erakunde guztietan. Ondoren, elkarteko deliberazio ariketa bat egin genuen Harrerak eskatzen digun Fedearen eta Justiziaren aldeko lana indartzeko. Lehenik eta behin, sektoreetan bilduta, erakunde guztietan egiten diren praktikak jaso genituen. Ondoren, TPAtan bilduta, lan hori aberasteko modua bilatu genuen, lehentasunak azpimarratu eta proposamenak eginaz.
Amaitzeko, Nacho Eguizabalek eta Idoia Irigarayek bi egun hauetan jasotako gauza on guztiez konturatzen lagundu ziguten, beldurrak uxatu eta gure egunerokotasunaren Galileara —familietara, elkarteetara, erakundeatara— itzultzera deituak sentituz, bertan Berpiztuarekin aurkitzeko.