Martxoaren 31tik apirilaren 3ra Loiolako Espiritualtasun Zentroan, Espainiako Probintziako Lehenengo Topaketa ospatuko da. Topaketa honetan jesuiten Espainiako probintzia osatzen duten tokiko plataforma guztietatik etorritako 170 jesuita eta laiko elkartuko dira. 2014ko ekainean sorturiko probintziaren ibilbide laburrean mugarri bat izango dira Loiolako jardunaldi hauek.
Topaketa honek hiru helburu ditu: gorputz bakarra osatzearen sentipena indartzea Probintzia guztian; Kongregazio Probintzialak proposaturiko hiru deietan sakontzea; eta hiru dei horien inguruan Probintziari argia eman diezaioketen oihartzun eta azpimarrak jasotzea.
Kongregazio Probintzialak proposaturiko eta topaketa honen ardatz izango diren hiru dei horiek honakoak dira:
1. Muga eta periferietara jotzea: Muga horien arten migrazioen, desplazatuen eta errefuxiatuen mundua nabarmentzen da. Bestalde, berrikuntza modura sortzen ari da eremu digitalaren gaia. Dei honek errukiarekin hurbiltzea eskatzen du, sareak sortuz eta berradiskidetzea eta biktimen sendakuntza landuz.
2. Fedearen zerbitzua gaurkotzea: Mendebaldeko gizarteen ezaugarri diren sekularismoaren, deskristautzearen eta aniztasun erlijiosoaren aurrean, fedearen zerbitzua gaurkotzeko deia da, Jesusen Jainkoaren esperientzia eskainiz eta bokazio berriak sorraraziz.
3. Gure izate jesuitan sakontzea: Jesuita oro bere barne bizitza lantzera, diszernimentuan maisu izatera eta egunerokotasunean koherentzia ebanjelikoa erakustera deiturik dago, ingurukoak bizitzeko modu horretara erakartzeko.
Topaketan zehar mahai-borobilak, tailerrak, aurkezpenak, testigantza pertsonalak eta bestelako jarduerak egingo dira. Otoitz eta ospakizunerako tarteak ere izango dira, eta baita jarduera ludikoak ere.
Azken hilabeteetan Probintziako Tokiko Plataformek (PAL delakoek) beren parte-hartzea prestatu dute, Probintzialak eskatu bezala, "topaketaren emaitzak Jesusen Lagundiaren misioa gauzatzen den probintziako testuinguruetan gorpuztuak" egon daitezen. Probintziako Lehenengo Topaketa hau aukera ezin hobea izango da Lagundiaren apostolutzaren aberastasuna antzemateko.
Jesusen Lagundiko Espainiako Probintziako Informazio Buletina - Edizio berezia: