Loiolako santutegiko webgune berriak ikus-entzunezko muntaia ikusgarrien bitartez bisita birtual bat egiteko aukera eskaintzen du. Proiektuak santutegia ezagutu eta ignaziar espiritualtasunera hurbiltzeko gonbitea izan nahi du interneten. Webgunea lau hizkuntzatan dago eta ondoko bi helbideak erabil daitezke bertara sartzeko: www.loiolasantutegia.eus edo www.santuariodeloyola.org

Orain dela aste batzuk santutegiaren kanpoaldean eta barrualdean bi dron azaldu ziren hegaka, bisitariak harri eta zur utziz. Ez zen inbasio bat, Loiolako santutegiaren webgune berria (www.loiolakosantutegia.eus edo www.santuariodeloyola.org) sortzeko erabili diren irudi ikusgarrien grabaketa lanak baizik. Proiektuak garrantzi handia eman dio irudiari eta bisitariari Loiolako Santutegiaren esperientzia paregabea eskaintzen dio etxetik mugitu beharrik gabe.

Loiolak eskaintzen duen guztia informazio atari bakarrean
Loiolako santutegiaren webgune berriak Loiolaren osagarri diren ikuspegi desberdinak jasotzen ditu: erlijiosoa, espirituala, kulturala, artistikoa eta historikoa. Webgunean Loiolan egunero egiten diren jardueren informazio gaurkotua aurkituko du bisitariak.

Santutegia osatzen duten elementu bakoitzari atal berezi bat eskaintzen dio webguneak: San Inazioren jaiotetxea, Basilika, Gogartetxea, Aterpetxea eta Liburutegia. Bakoitzaren funtzioa eta zerbitzuak deskribatzeaz gain, haien historia eta ondarea azaltzen dira. Loiola inguruan Ignaziorekin zerikusia duten lekuei buruz ere azalpenak eskaintzen ditu webguneak eta baita bisitariarentzat erabilgarriak izan daitezkeen aholku eta proposamenak. Webgunea baliabide aproposa izan daiteke bisitariek beren egonaldia planifikatu dezaten.

Loiolaren gainetik hegan egiteko aukera
Webgunearen eduki deigarriena bideoak dira. Atal nagusietan eskaintzen den informazioa bideo ikusgarriekin hornituta dago. Bideo horietan dron baten laguntzarekin santutegiko eraikinen kanpoaldean zein barrualdean hegan jasotako irudiak ikus daitezke.

Webgunearen hasierako orrian, sare sozialetan zabaldu den "Hegan " bideoa aurki daiteke. Gero, atal desberdinetan, Ignazioren Jaiotetxeari –"santutegiaren bihotza"— buruzko bideoa aurkituko du bisitariak eta baita Basilikari buruzko beste bat ere, tenpluaren eta kupularen xehetasunak inoiz ez bezala erakusten dituena.

Urola bailararen edertasunaz eta Loiolako santutegiaren ondareaz gozatzeko modu berri bat eskaintzen du webguneak.

Espiritualtasun ignaziarrera hurbiltzeko gonbitea

Espazio birtual honen helburua guztientzat topaketa eta harrera leku izatea da. Aldi berean, webguneak ignaziar espiritualtasuna ezagutzeko gonbitea izan nahi luke, Jainkoaren borondatea ezagutu, sentitu eta bete nahian bizi izan zen Loiolako Ignazioren esperientziatik abiatuta.

Helburu horrekin, webgunea lau hizkuntzatan sortu da ―gaztelera, euskara, ingelesa eta frantsesa―, mugikorrentzat optimizatua dago eta gaur egungo lengoaia erabiltzen du testu, bideo eta argazkietan.

Zer da Loiola

Urola ibaiaren bailaran kokaturik, Loiolatarren familiako dorretxearen inguruan eraiki zen multzo arkitektonikoa da Loiolako santutegia. Bi gertakarik bilakatu dute Loiola etengabeko erromesaldi-gune: 1491n, Iñigo Lopez de Loyolaren jaiotzak; eta, 1521ean, bere konbertsioak.

Bere balio espiritualaz haratago, Loiolako Basilika urtero milaka bisitari erakartzen dituen barrokoaren harribitxia da.

Santutegian berrogeita hamar jesuita inguruk osatzen duten komunitate egonkor bat bizi da. Gogartetxeak mundu guztiko pertsona eta taldeak erakartzen ditu horren leku esanguratsuan gogojardunak egiteko asmoz.

2015-2016an Inaziotar Bidearen Lehen Jubileu Urtean murgildurik dago Loiolako santutegia eta, aldi berean, 2021-2022rako San Ignazioren konbertsioaren V Mendeurreneko Jubileu handia prestatzen.

Facebook

Twitter

Participante de los Fondos Next Generation